OVERSHARING (3)

Tuesday, May 21st, 2013

oversharing3

2013ko maiatzaren 2an BERRIA egunkariko A Capella zutabean agertu bezala:

Flashmob, lipdub eta antzeko bertzelako asmakizunei buruz ari naiz. Onartuta, ez dudala sekula halako batean parte hartu. Tira, erran dezadan behingoz, ez dut sekula halakoetan parte hartu, ez dudalako sekula haietan sinetsi. Ezin dut saihestu. 90eko hamarkadako telebistako anuntzioen antza hartzen diet. Zehazki zergatik jakin gabe, oraindik gogoan ditugun Villarriba eta Villabajo prefabrikatu haietako besta herrikoien antza hartzen diet.

Uler dezaket errebindikazio kolektiboren bat egiteko orduan tresna erabilgarriak izan daitezkeela. Uler dezaket talde sentimendua indartzeko ekintza baliagarriak izan daitezkeela. Baina ezin diet sinesgarritasunik eman. Ezkerreko nahiz eskuineko alderdi politikoek, gobernuz kanpoko erakundeek edo gurin konpainiek modu berean erabiltzen dituztela jakiteak ez die sinesgarritasuna irabazten laguntzen. Orokorrean, masaren parte sentitzea, norbera baino handiagoa den bertze zerbait boteretsuaren parte sentitzea baino ez dutela bilatzen iruditzen zait. Gazteleraz komunioa deitzen diote sentipen horri. Elizan bezala.

Musikak eta musikariek aunitz dakite komunioei buruz. Bai jaunartzeko banketetan musika jotzetik edo jartzetik bizi direnek, baita musika satanistak egiten dituztenek ere. Azken hauek seguruaski inork baino gehiago, elizari kontra egin ustetan haien sinbologia eta erritual berak erabiltzen baitituzte. Buruz behera, baina berdinak.

Errituala. Komunio partekatua. Sortu bezala desagertzen den behin-behineko gutasun flasha. Indartsua eta eraginkorra. Batzuetan nahi gabe edo intuizioz, bertzetan interes jakin batzuk jarraituz, arau edo behar bihurtzen dugun ekintza. Musikarekin gehiegi komunikatzen denean, gehiegi partekatzen denean, inork ez daki masa noraino irits daitekeen. Errituala makina bihurtzen da. Masak ez duenean komunikatzen berriz, frakaso kolektiboa aipatzen dugu. Musikak ez du hori baino gauza ederragorik, eta aldi berean beldurgarriagorik.

Xabier Erkizia

Norbaitek jaitsiko al dio bolumena gure egoari?

Friday, May 17th, 2013

p037_f01

“Ilusionismoa sortzeko gaitasuna ez da jada ikusizko artearen erantzukizuna. Orain, publizitatea eta bideo jokoak daude horretarako. Eta soinuari ere laster iritsiko zaio egoera horri aurre egiteko momentua. Gaur egun, esaterako, soinu diseinuaren inguruko ikerketarik garrantzitsuenak autogintzaren industrian egiten dira, eta musika, artearen ikuspegitik, behintzat, ezingo da diseinuaren industriarekin lehiatu. Laster, zure autoko atea ixtea gitarra batekin akorde bat egitea bezalakoa izango da. Eta hori da kezkagarriena. Orain gutxi arte, entzuleok eraikitzen genuen gure gustuko musikarekiko edo soinuarekiko harremana, guk nahi bezala, gure erabakien bidez, nahi genituen loturak eginez eta deseginez. Aspaldi honetan, ordea, dena prefabrikatuta dator.”
Diedrich Diederichsen, BERRIA 2013/05/17

Eta bidenabar… AUDIENTZIA

Sunday, May 5th, 2013

Anjel Lertxundik BERRIAn

Herritarrak garelakoan bizi gara, hautesleak eta cives guztizkoak, eskubidedun berdinez osatutako gizarte anitz bateko partaide eta eragileak. Herrigintzaren zutabe garelakoan gaude. Politikaren protagonista eta helburu garela sinestarazten digute, etorkizun hobe baten berme garela sinesten dugu.
Deskuidatuta gaude, arras ere makur.
Audientzia gara. Zenbaki hotz batzuk. Berek hitz egiten dute eta gu mutu. Ez digute entzuten, ezin diegu erantzun. Guk ondo eta etengabe jasotzen dugu berena. Berek ez dute, ordea, gurea jasotzeko premiarik. Zenbaki batzuk gara beren audientzia-emaitzetan, zenbakion arabera erabakitzen dituzte programak, programon ziabogak, estrategiak. Inkestetako zenbakiei begiratu, eta uste dute badakitela zer pentsatzen dugun, zer diogun, gure osti txarrak zenbateraino dituzten eramangarri.
Mendebalde osoan aspalditik barreiatu den jenderik gabeko politikak audientzia hutsa gaitu.

ADITZEN DUZU?

Sunday, May 5th, 2013

(gaur ere ezin eutsi…)

Entzuten duzu mundua zure barruan lehertzen? Aditzen duzu? Aditzen duzu mendien negarra, lurraren intziria, errekaren xuxurla, oihanaren ahots bizia zure bihotzean taupaka? Aditzen duzu jendearen egonezina, aditzen duzu bizi beharraren larria, aditzen duzu denboraren joanak, agonia kanpaien antzera, jendearen barruan sortzen duen oihartzuna? Aditzen duzu ur geldi hauen kiratsa? Aditzen duzu agintarien larderia betierekoa? Aditzen duzu zenbat hitz egiten duten ezer ez esateko, zenbat lan egiten duten ezer ez aldatzeko? Aditzen duzu bizitza irabazteko bizitza galtzen duten munduko langile guztien nekea? Aditzen duzu txiroaren tormentu estetikoa? Aditzen duzu jendea egunero ezinaren mina irensten? Aditzen duzu bere buruaz beste egitea erabaki duten guztiek erabakia hartzeko orduan begien aurrean zeukaten paper zuriaren isiltasuna? Aditzen duzu izuaren barre algara zitala? Aditzen duzu jendeen arteko tarte horren tentsioa? Aditzen duzu mundua gutako bakoitzaren barruan lehertzen? Aditzen duzu jateko ere ez daukan emakumea Idurre Eskisabeli laguntza eskatzen, bertakoa dela ziurtatzeko karneta erakusten dion bitartean? Aditzen duzu intimoa ez omen den bizitza publiko horren mina? Aditzen duzu?

Xabier Gantzarain

ENTZUN

Saturday, May 4th, 2013

(Ezin izan diot tentazioari eutsi…)
Entzun, XABIER GANTZARAIN, BERRIA 2013/05/04

Publikoa ere intimoa da. Barrukoena baldin bada intimoa, zer dago mundua baino barruagokorik? Entzuten dituzu txoriak kantuan, entzuten duzu jendea negarrez, entzuten duzu galipot bustiaren gainean dabiltzan ibilgailuen hots likitsa? Entzuten duzu gauaren isiltasuna zure buruko oihanean hedatzen, dena hartzen, dena iluntzen, entzuten duzu eguna amatatzen eta amiltzen? Entzuten duzu auzoaren telebista futbola botatzen? Entzuten duzu langileen iratzargailua goizeko bostetan jotzen? Entzuten duzu jendea negarrez, entzuten duzu jendea pozaren hari muturrari nola edo hala heltzen, hortzekin, izter artean, begiekin, hitzekin? Entzuten duzu kalean gurutzatzen dituzun ezezagunek zutaz segundo batean ematen duten epaia? Entzuten duzu polizien ahots hiltzailea? Entzuten duzu egunkarien marmarra? Entzuten duzu jendearen ametsetako musika? Entzuten duzu irribarre konplize baten soinu bare eta amultsua? Entzuten duzu begi txiki ederren mugimenduaren ziztua? Entzuten duzu nola doan nire bihotza abaila bizian hondamendira? Entzuten duzu nire buruko oihana, berde, lerden, zer den ere ez dakien sentimendu bati hazteko esaten? Entzuten duzu beldurra erraiak jaten? Entzuten duzu mundua zure barruan hazten?

OVERSHARING (2)

Monday, April 22nd, 2013

over_sharing2

2013ko apirilaren 18an BERRIA egunkariko A Capella zutabean agertu bezala:

Prosumerrak omen gara. Lehen ez dakit zer izango ginen zehazki, baina orain prosumerrak. Ekoizle eta kontsumitzaile aldiberean. Lehen kontsumitzaile edo ekoizle izan aukeratu behar izaten omen genuen. Nik ez dut halakorik gogoan. Beti egin dut bat, gutxiasko, Alvin Tofflerek asmatutako definizioarekin. Eta sinetsi nahi dut denok egin dugula antzeko, guztiz jakitun izan edo ez. Guztiok ekoizten dugu kontsumitzen dugun horren arabera. Kontua da nola.

Musika digital bihurtu zen garaietan, sareak salbatuko zuela kontatu ziguten. MP3 bezalako euskarri digitalek trukerako abantailak ekarri zizkiguten eta streaming teknologiak, berriz, distantziak deusezteko modua, ordura arte ezinezko elkarlanetarako bidea. 2005ean Placard Headphone Festival ospatzen hasi ziren Kanadan, eta ziztu bizian zabaldu zen munduko hainbat hiritara. Ideiak xinplea eta iraultzailea zirudien. Streaming teknologien bidez leku jakin batzuetan festibalak antolatu zituzten, musikaririk eta bozgorailurik gabeko jaialdiak. Munduko edozein lekutan zuzenean jo eta internet bidez kontzertuak transmititzen zituztenek egingo zuten lan hori. Eta festibalaren jatorrizko tokian, berriz, entzuleek kaskoak behar zituzten: espreski hartarako jarritako zulotxoetan konektatu bertzerik ez zuten egin behar kontzertuak entzuteko. Bere arrarotasunean —musikariontzako inorentzat jotzea bezalako zerbait zen—, esperimentuak kuriosoa zirudien, deigarria.

Hurrengo urtean, urrunago joan nahi izan zuten antolatzaileek. Hiru musikari jarri gintuzten jotzen Baionako estudio batean, eta bertze bi Londonen, agertoki gainean. Bateria bat, gitarra eta elektronika Lapurdin, eta bigarren bateria eta baxua Erresuma Batuan. Denak batera, kantu berak jotzen. Oraindik ez dakit, ez dut ondorioztatu, esperimentuak ez ote zuen funtzionatu edo entzulerik ez ote zegoen inon, baina gure truke-elkarlan hark ez zuen inolako feedback-ik izan. Guk geuk ekoitzi eta guk geuk kontsumitu genuen. Teknologiak kontsumitu zuen gainerakoa.

 

Xabier Erkizia

OVERSHARING

Tuesday, April 9th, 2013

030810065114location_over_sharing

2013ko apirilaren 4an BERRIA egunkariko A Capella zutabean agertu bezala:

Informazio gehiegi partekatzearen akzioari deitzen diote Oversharing. Bereziki, gehiegizko informazioa jasotzeko prestatuak edo gaituak ez dauden pertsonekin partekatzeari deitzen zaio horrela. Sare sozialen sukarren albokalte bat gehiago. Inor gutti ausartuko da erraten partekatzea, elkar lan egitea, ona ez denik. Sozialki nahiz kulturalki gauza onuragarri bezala ulertzen dugu. Gizatasunaren berezko zerbait bezala. Baina ez dugu gehiegi pentsatzen gehiegi partekatzearen arriskuei buruz. Eta baditu. Jakina badituela.

Bertze eraginen artean, gehiegi partekatzeak saturaziora eraman gaitzake, informazio gaindosira eta ondorioz, antsietate kroniko batera. Hainbertzekoa da zurekin partekatu nahi dutenek bidaltzen dizutena, zurea den ezer partekatzea ahanztera iritsi zaitezkela. Norbera automatikoki partekatua bihurtzean dago arriskua.

Elkarlanean aritzera ohituta dagoen edonork onartuko du arazorik gabe, ez direla denak goxoak izaten. Ez goxoak, ezta errazak ere. Eta ia beti, etsipenetik zerbait gordetzen duela elkarlan orok. Sakrifizio ere badirela. Eta hala behar du. Horixe da elkarlanaren prezioa. Kasu hoberenean, hirugarren gauza berri bat bihurtu daitekena; eta txarrenean, baldintza deserosoa eta peaje garestia bihurtzen dena.

Elkarlanaren, edo honen errepresentazio espektakularizatu-jendetsuaren aitzakian, errazkeri aunitz ikusten eta entzuten dira. Elkarlan izateak edozer justifikatuko balu bezala. Elkarrekin izatea, egin beharreko hura egitea baina garrantzitsuagoa balitz bezala. L’Enfance Rouge rock taldearen emaila iritsi da. Proposamena dakar: Kaixo lagun. Hemen dituzu gure disko berriko pista guztiak, bat banaka. Zuretzako. Haiekin, berriki grabatu eta argitaratu ez den GURE diskoa egitera gonbidatzen zaitugu. Eta GURE emaitza gustuko badugu, lana ordainduko dizugu.

Elkarlan jendetsuaren joera huts horretatik ere ihes egin ezin duen musikaren munduan, heldutasun keinua iruditu zait. Saturaziorik eta ikuskizunik gabekoa. Elkartruke gardena.

Xabier Erkizia

ERRETXINA

Wednesday, April 3rd, 2013

mg85531280x768

2013ko martxoaren 21ean BERRIA egunkariko A Capella zutabean agertu bezala:

Urtetan ez dut ulertu ni baino zaharragoei zergatik ez zitzaien gustatzen musikari gazteagoon musika, gure musika. Zahartzen joan naizen heinean ulertu dut dena». Aspaldi xamar irakurri nizkion hitzok musikari bati. Orduan ez nituen guztiz ulertu baina orain ederki sufritzen ditut. Berez, ez dute ulertzeko zaila den ezer. Ez dira hitz ulergaitzak. Itxura batean hain sinplea dirudien esaldiaren atzean gordetzen den egia tristea da momentu hartan bere osotasunean ulertu ez nuena.
Zorionez edo zoritxarrez, denborak nigan ere arrastoak eta zauriak utzi ditu. Uzten dizkit, egunero. Denoi bezala. Zahartzen goazen neurrian oroitzapenak erretxina bezala lotzen zaizkigu barrengo pareta, sabai eta zoruetan. Erremediorik gabe. Eta konturatzerako, hankak zanpatu ditugun zoletan atxikita geratzeko arriskua areagotu egiten da.
Aste honetan, 80ko zera (ez naiz saiatu ere egingo garai, aro, belaunaldi, mugimendu bezalako hitzen artean egokiena topatzen) mitiko hura bizi izan zuen musikaria entzun dut gaur egungo musika gutxiesten. Eskertzekoa da jarrera kritikoa, ez, ordea, erretxina. Ez paretetakoa, bertzea baizik: munduak jada erremediorik ez balu bezala, inolako autokritikarik egin gabe eta nostalgia ukatu batetik hitz egitea. Aste berean, 90eko euskal artearen protagonista nagusi izandako bati antzeko zer edo zer entzun diot. Ez hain erretxinduta, baina bai nostalgia ezkorretik solasean.
Krisiaren albo kalte psikologikoen ondorio izan daitekeela pentsatu dut lehenbizi. Bertzerik gabe, egia izan daitekeela, gero. Baina benetan kezka eragiten didana jarrera horien ondorioa da. Izandako garaiak beti dira originalak, autentikoak, benetakoak. Garaian garaikoak, aldiz, sekula ez. Denborarekin, direnak izandako haien itzal baino ez ditugu bihurtzen. Eta etorriko direnak…. tira, hobe bakean uztea.
Bizilegea dirudi. Zizeron zaharrak erran bezala, historia errepikatzera kondenatuta gaude. Gure erretxinetan atxikitzera. Eta zaharrei aurpegiratzen diegun bezala, erretxinduta bizitzera.

Xabier Erkizia